EH Bilduko eta Geroa Baiko udal taldeek ekimen bat aurkeztuko dute gaur, Irulegiko eskuaren aurkikuntza zientifikoa eta horren ondorioak udalak argitaratutako ikasmaterialetara eramateko eskatuz, “material horiek hobetu eta aberasteko asmoz”.
Adierazpenean, halaber, proposatzen da Iruñeko Udala pozik egotea aurkikuntza arkeologiko honengatik, eta gogobetetze hori “iruindarrei” helaraztea. Hirugarren puntuan, erakundeak, herritarren ordezkari nagusia den aldetik, egindako lana zoriontzea eta Arantzadi Zientzia Elkarteari eskerrak ematea proposatzen da. “Denek adierazi dute gaiaren garrantzia, eta Estatuaren aurrekontuen kontura diru-partida garrantzitsu bat onartu izana ospatu besterik ezin dugu egin, Irulegiko aztarnategiko ikerketei jarraipena eta bultzada ematen diena”, ondorioztatu dute. Argudio horretan oinarrituta, eskatu dute Iruñeak bat egin dezala aintzatespen horrekin, eta egokitu ditzala bere eskola-materialak aurkikuntzaren garrantzira.
Adierazpena onartuko dutela espero du Joseba Asironek.