Duela zenbait hilabete zurrumurrua dena baieztatu du gaur Diario de Navarrak, Enrique Maia ez da 2023ko udal hauteskundeetan Iruñeko zerrendaburu izanen. Horrela jakinarazi die egun hiriko alkatea denak UPNko zuzendaritzako kideei, "Ziklo amaiera" iritsi dela argudiatuta. 12 urte eman ditu hautetsi moduan Maiak Iruñean, aurretik udaleko teknikaria, udal arkitektoa baitzen; 12 horietatik 8 urtez alkatea izan da, tartean lau urtez oposizioan eman zituelarik. Bere ibilbide politikoa ez da lasaia izan, akordiorako ahalmen gutxi erakutsi du Maiak eta 8 aurrekontu proiektuetatik soilik bat atera du aurrera bi legegintzaldi hauetan. Oposizioak behin eta berriz salatu du bere aldebakartasuna eta opakutasuna eta hainbatetan gaitzetsi du bere jarrera.
UPNk orain Maiaren ordezkoa bilatzeko erronka du aurretik, Navarra Sumaren formula errepikatuko ez dela baieztatzearekin batera. Maria Etxabarria lizartarraren izena indartsu entzuten ari da Iruñeko Udaleko pasabideetan. Egun, Iruñeko alkateordea da Etxabarri gai ekonomikoetan eta UPNren etorkizunerako baloreetako bat.
Beste hautagaiak
Iruñeko Udalerako hauteskundeen panorama argitzen ari da apurka apurka. Momentuz PSNko Elma Saiz eta EH Bilduko Joseba Asironen hautagaitzak ezagutzen dira. Udalbatza kanpoan badira ere, Nafarroa Zurekin ezkerreko alderdien koalizioak ordezkaritza berreskuratzeko borrokatuko du Txema Mauleon zerrendaburu delarik. UPNk eta Geroa Baik oraindik ere ez dute argitu zeintzuk izanen diren beren alkategaiak.