AZ Sare Komunitarioak salatu du "Alde Zaharreko konpartsa txikia ateratzeko baimena ukatu" duela Iruñeko Udalak. Erraldoi txikiek 25 urte bete dituzte eta hori "ospatzeko Alde Zaharreko kaleetatik atera behar ziren azaroaren 19ko goizean" zehaztu du elkarteak ohar bidez. Azaldu dute gainera "jarduera hori egin ahal izateko dagokion baimen-eskaera" egin zutela. Udalaren erantzuna ezezkoa izan da eta baimena ukatzeko "espazioaren saturazioan eta auzokideen kexetan" oinarrituta eman du ospakizunaren kontrako argudioa.
AZ Ekimenak salatu du "Alde Zaharrak eta bere auzokideek urteak" daramatzatela "espazio publikoaren pribatizazio eta auzo-ereduaren hondatzearen prozesu bizi baten ondorioak pairatzen", eta prozesu hori "Iruñeko Udalak bultzatu eta sostengatutakoa" dela. Navarra Sumaren udal taldeari leporatu diote haiek sustatutako "eguneroko jarduerak garatzeko espaziorik falta; Alde Zaharrak jasaten duen ekitaldi-saturazioa; kontsumoan oinarritutako aisialdia eta honelako auzo-ereduaren aldeko apustua" erabiltzen dituela "orain auzokideei auzoa egiteko beren kaleak erabiltzea eragozteko".
AZ Sare Komunitarioak uste du erabaki horrekin "Iruñeko Udalak modu gaiztoan" erabiltzen duela "bizilagunen ezinegona, interes ekonomikoetan oinarritutako Alde Zaharra baten alde egindako apustua berresteko eta, berriz ere, auzo-mugimendua zigortzeko". Gogorarazi dituzte auzoko eragileei jarritako trabak, isunak zein Sanfermin Txiki jaiei diru-laguntza kentzeko erabakia.