Gorputza eta makina, biak elkarrekin murgilduta azalduko ditu disziplina anitzeko jaialdiak, Iruñean, Errenterian, Donostian eta Bilbon. Azaroaren 18an abiatuko da Iruñeko Kondestable jauregian, Marina Lameiro zinemagilearen masterclass batekin. Kamera gorputzaren luzapen gisa izenburupean, bere filmen zatietan eta beste zinemagileenetan oinarituta gaiaz hausnartuko du Lameirok.
Filmak izanen ditu, edonola, nagusi jaialdiak, hiru sailetan banatuta. 1080 lan aukeratu dituzte, eta hamairu izanen dira lehiaketan ikusgai. Horien artean bi dira lan nafarrak. Olatz Larunberen Uholdeak eta Miguel Goñi eta Mikel Belaskuainen Luna Negra.
Performance eta lantegi batek borobilduko dute abenduaren 4ra arte luzatuko den jaialdia. Egitarau osoa zinetikafestival.com-en dago ikusgai.