Tokiko komunikabideak saritu dituzte Tokikom sarietan

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 11a, 13:06

Euskalerria Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak jaso du saria.

 “Nafarroako tokiko komunikabideen alde egindako ahaleginagatik” jaso du oroigarria Euskalerria Irratia bultzatzen duen Iruñeko Komunikabideak.

Gaur banatu dituzte Tokikom sariak, Oñatiko Arantzazu LABen. Kazetaritza lan zehatzak nabarmentzen ditu urtero sariketak, aurten ordea komunikazio proiektuak izan dira goraipatuak. Hala, bere bazkideak saritu ditu euskarazko toki komunikabide taldeak, 10. urteurrena ospatzeko. Tokikom eratu zuen Euskaltzaleen Topagunea izan da oroigarria jasotzen aurrenekoa, “batere ziurtasunik gabe, baina ausardia eta gogo handiz toki komunikabideen sektorea sendotzeko aurrerapausoa ematea erabakitzeagatik".

Ondoren, banan-banan Tokikom osatzen duten komunikabide guztiek jaso dute omenaldia. Euskalerria Irratiak, beraz, jaso du saririk. Irratia kudeatzen duen Iruñeko Komunikabideak saritu dute, “zailtasunak zailtasun, euskarazko komunikabideen esparruan erreferentziazko medioa den Euskalerria Irratia sendotzeagatik, irratitik haragoko multimedia aukerak esploratzeagatik, eta harreman instituzionaletan esparruan Nafarroako tokikoen alde egindako ahaleginagatik”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!