Karpako jai eredua gaitzetsi du Neska* Ikasleok taldeak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 11a, 11:53

Neska* Ikasleok taldeak NUPen egindako protesta bat, artxiboko irudian.

NUPeko Neska* Ikasleok taldeak uko egin dio karpa festan parte hartzeari: “Jaialdi honek egungo sistema zisheteropatriarkal kapitalista birproduzitzen du”.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Neska Ikasleok taldeak ez du Karpa jaialdian parte hartuko. Muzin egin diote ekitaldiari, sistema zisheteropatriarkal kapitalista birproduzitzen duelakoan. “Honako jai eremuetan, neska* ikasleok ez dugu lekurik, eta ez dugu lekurik izan nahi”, azaldu dute ohar bidez.

Jaialdia emakumeen beharretatik oso urrun kokatzen dela argudiatu du taldeak. “Oholtza gainean egongo diren guztiak gizonak dira”, zehaztu dute. “Kontsumitzen den musikak ez du inolako filtrorik pasatzen eta hauen letrek kolektibo ezberdinak hitzez erasotu eta gutxiesten dituzte”. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute.

Karpak kontsumora bideratutako aisialdi eredua sustatzen duela iritzi diote, eta ikasleek sortutako festa izan arren, enpresa pribatu baten mesederako dela. “Ikasleak banatu egiten ditu. Izan ere, gaur egungo ikasleon bizitzak guztiz prekarioak direla kontuan hartuta, askorentzako jai mota hauetako sarreraren prezioari aurre egitea zaila da”, adierazi dute. “Ikasleok harremantzeko ditugun espazio urriak pribatizatu egiten ditu”. Jaialdiaren inguruko informazio guztia gaztelania hutsean partekatu dutela ere salatu du taldeak: “Gure herrialdeko hizkuntza zein hiztunak guztiz alboratu eta gutxiesten dira”.

Egoeraren aurrean, “txikitasunetik eragin” eta espazio propio eta alternatiboak sortzen jarraituko dutela ziurtatu du taldeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!