Telekomunikazioen Teknologien Ingeniaritza graduan, aurretik euskaraz eskaintzen zen Enpresa eta Matematiketako ikasgaiak gaztelaniaz ematen ari dira. Ekonomia graduan, antzera. Euskarazko ikasgaien arteko jarraitutasuna ez dago bermatuta; eta Ingeniaritza Biomedikoko graduan, berriz, euskarazko kredituak %45 murriztu dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin dituen atzera urratsen berri emateko NUPeko Euskara taldeak emandako adibideak dira.
Elkarretaratzea egin dute liburutegiaren aurrean, gaur eguerdian, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintza murriztu duela salatzeko. Taldeak salatu du euskarak bigarren mailako hizkuntza estatusa duela unibertsitatean, eta zuzendaritza ez dela betetzen ari Euskarazko Ikasketen Plan Gidariak finkatutakoa. Gainera "eskasa" dela diote, eta garapen "sendo eta serioa" behar duela gaiak. NUP euskalduntzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute.