Iruñeko Udalak ez ditu Arrosadiko eraikinak eraitsiko

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 2a, 10:11

Arrosadiko auzotarrek iazko urrian egindako protesta bat. Argazkia: Ahotsa.info

Auzotarren kexak entzun, eta Auzoko Hiri Jarduketarako Plan Berezia aldatuko du Navarra Sumaren udal gobernuak.

Navarra Sumak atzera egin du, eta Iruñeko Udalak ez ditu Arrosadiko eraikinak eraitsiko. Hau da, ez ditu 100 familia etxez aldatzera behartuko. Hamar atari inguru eraistea aurreikusten zuen Auzoko Hiri Jarduketarako Plan Bereziak. Baina auzotarren kexen aurrean, Enrique Maia alkateak atzera eginen dutela iragarri du.

Planak hamabi alegazio jaso ditu, eta horietatik hamar baietsi dituzte.  Bizilagunek eskatu dute Lehentasunezko Esku-hartze Eremuen mugaketa ezabatzea. Hori da baita hain zuzen, Navarra Sumak atariak eraisteko erabili nahi duen tresna. Izan ere, figura horren bidez, Udalak eraikin horiek erosi, eraisteko agindu eta kaltetuei beste bizileku batzuk eskaini ahal izango lizkieke.

Gaur Hirigintzako Gerentzia Kontseiluan landuko dute gaia, eta plan berezitik eraispenak ezabatuko dituzte. Ondoren Gobernu Batzordeak berretsiko du erabakia. Edonola plana ez dute erabat aldatuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!