Sarrerak 8 euroan dira salgai, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean eskura daitezke, laescueladeteatro.com atarian hain zuzen ere. Antzokiko leihatilan ere izanen dira salgai, ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
Sinopsia
“Trapu zikinak etxean garbitzen dira” esaten bada ere, herri garbilekuek beste errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertu dezakegu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak
Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak? Zeri esaten diogu “zikin”? Zertaz hitz egin daiteke? Zer hitzekin? Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikinkeria izango dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz…
Ikuskizun hau garbilekuetan jo ta fuego aritu ziren arbasoei omenaldia da. Haien izerdi eta irriei, haien arteko laguntza eta isiltasunei. Izan zirelako, gara.
Testua eta zuzendaritza: Lore More
Antzezleak: Laura Villanueva, Maialen Díaz Urriza eta Mikele Urroz Zabalza
Ekoizpena: Lucia Ezker
Musika: Harkaitz Martínez de San Vicente
Jantziak: Iona Lakunza
Eszenografia: Orekari
Argi diseinua: Andrés Dwayer