“Pobretzeari stop” kanpainaren baitan antolatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Azoka Gardena. “Pobretze bilakaera honetan jendarte guztiarentzat oinarrizkoa den elikadura eskubidea bera ere kolokan dago. Eta kolokan egote horretan gertatzen ari den beste elementuetako bat da elikagaiak kontsumitzeko modua bera aldatzen ari dela. Joera nabarmena da jaki prozesatu eta kalitate baxukoak erostea”, azaldu du Iruñerria Goizetik albistegian Etxalde mugimenduko Gotzone Sestorainek.
Elikadura osasuntsu baterako bermerik egokiena bertako elikagaiak kontsumitzea dela ikusarazi nahi dute. Hori dela eta, tokiko produktuez osatutako hamar euroko saskiak salduko dituzte, 12:30etatik aurrera. Baina ez horregatik bakarrik. Baserritarrei zuzenean erosiz, Sestorainek dio “kapitalaren interesen arabera antolatuta dagoen elikadura sistemari alternatiba egoki eta osasuntsu bat eraiki” ahal zaiola.