Zerbitzuarekiko Remirezen “utzikeria” salatu dute suhiltzaileek

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 21a, 10:14

Elkarretaratze zaratatsua egin du Nafarroako suhiltzaileen gehiengoak, Iruña Park hotelaren atarian. Baso suteen inguruko jardunaldia egiten ari da gobernua hotelean.

"2022-2023 baso-suteen agendaren operatiboen jardunaldia" egiten ari da Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusia, Iruña Park hotelean. Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak zabaldu du saioa, baina petardo hotsekin uztartu da haren hitzaldia.

 

Nafarroako suhiltzaileen gehiagoa atarian bildu da, gobernua zerbitzua pobretzen ari dela salatzeko. “Lau urte pasa dira, eta ez dute inolako baliabiderik jarri”, salatu du Iñigo Balbas suhiltzaileen lan batzordeko presidentea.

Lau aldarrikapenekin bildu dira Iruña Park hotelaren aurrean. Alde batetik, estruktura falta. “Egunero sumatzen da gure interbentzioetan hori, eta administratiboak lanez gainezka dira”, adierazi du Balbasek. Duela hogei urtetik izoztuta dituzte soldatak, eta berrikusteko galdegin diote. Langile kopuruarekin ere dute kezka: “Egunero parke batzuetan hiru suhiltzaile gaude lanean, horrek ez du gure segurtasuna eta eskaintzen dugun zerbitzu publikoa bermatzen. Gutxienez lauko kopurura heltzea da gure eskakizuna”. Unitate teknikoak sortzea ere nahi dute, estrategiak lantzeko.

Egungo Nafarroako Gobernuak egoera konpontzeko proposamenik egin ez duela salatu dute suhiltzaileek. “Oso larritzat” jo dute Javier Remirez barne kontseilariaren jarrera: “Ez bada gai honi aurre egiteko, egin beharko duena da alde batera egin, eta beste pertsona bat jarri honi heltzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!