Ana Galarraren eta Pettiren ‘Frankenstein agurgarria’, gaur Iruñean

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 13a, 07:19

Errezitaldia Kondestable Jauregian eginen dute, 19:30ean, Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren eskutik.

Ana Galarragak eta Pettik Frankenstein agurgarria errezitaldi musikatua eskainiko dute gaur, 19:30ean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian, 19:30etik aurrera. Sarrera doan izanen da, aretoa bete arte.
Frankenstein agurgarria gutun baten irakurketa da. Victor Frankensteini zuzendutako gutunarena, zehazki. Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatziale eta kultura-zaleak sortu du testua, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta kantuen laguntzarekin errezitatzen du.
Frankenstein liburua gutun bat da, berez. Eta, emanaldian, gutunaren formatuak zuzenean ikusleei hitz egiteko aukera ematen du: zein dira zientziaren mugak? Aurreikusi gabeko ondorioak daudenean, norena da ardura? Zer pisu dute, oraindik, erruak eta damuak? Zergatik ukatzen zaio aitortza Mary Shellyri? Lurpera liteke iragana? Nor da munstroa?
Hartu Frankenstein liburua (Mary Shelley, 1818). Atera erraiak. Nahasi esperimentu zientifikoekin, Despentesen pentsamenduarekin, lurpeko gorpuekin eta bihotz usteldu gabekoekin. Gehitu etika eta astindu feminismoarekin. Jantzi Pettiren musikarekin. Entzun Ana Galarragaren eta bien ahots eta gorputzetatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!