Hutsik dauden etxebizitzen tasak igoko ditu Iruñeak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 7a, 07:18

Artxiboko irudia.

Iruñeko Udaleko oposizioak bat egin du berriro. 2023rako ordenantza fiskalak eta arau erregulatzaileak onartu dituzte, eta aldaketak egin beharko ditu Enrique Maiak. Navarra Sumaren kudeaketa kritikatu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Bai taldeek.

Navarra Sumak ez du babesik Iruñeko Udalean. Gehiengotik zinegotzi batera geratu ziren 2019an, baina oposizioko ezin taldek ez du babesten egun. Areago, oposizioa gero eta gehiagotan ari da bat egiten eta udal gobernuaren jardunaren norabidea marrazten.

Atzo Osoko Bilkura egin zuten Iruñeko Udaletxean, eta 2023rako ordenantza fiskalei eta prezio publikoak erregulatzeko arauei buruzko proiektua eztabaidatu zuten. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik osatzen duten blokeak bost zuzenketa onartu dizkio gobernu taldearen proposamenari, eta horrek nahitaez sartu beharko ditu hurrengo ekitaldiko kontuetan.

Aurrekontuen negoziazioak iristear dira; eta itxura guztien arabera, bakarrik geratuko da Navarra Suma. 2021koak, PSNrekin onartutakoak, luzatuko beharko dituzte, beraz. Inflazioaren eraginez, horrek egoera larrian utz ditzake, gainera, zenbait udal alor.

Iruñeko Udaleko oposizioak, Navarra Sumaren gobernu taldea behartu du etxebizitza hutsen tasak igotzera eta, gainera, eremu arautuetan aparkatzeko tarifak murrizteko proposamena bertan behera uztera. 

Hasiera batean, sei ziren oposizioak adostutako zuzenketak, baina azkenean bost izan dira onartu dituztenak. Ibilgailuen potentziaren arabera aparkaleku-tasak murriztu nahi zuten, baina zalantza juridikoen ondorioz erretiratu dute asmoa, EH Bilduko Marian Aldaiak azaldu duenez.

Onartutako aldaketekin, oposizioak etxebizitza hutsen tasak igotzera behartu du Enrique Maia alkatea. Geroa Baiko Javier Leozek azaldu du alokairu merkatua sustatzeko modu gisa proposatu dutela. Hiru higiezin edo gehiago dituztenentzat, hutsik dauden etxeen ekarpenaren zenbatekoa %0,5 handituko da lehen urtean, %1 bigarrenean eta %1,5 hirugarrenean eta hurrengoetan. Nafarroako Gobernuak egindako erroldaren arabera, gaur egun 300 etxebizitza inguru egongo lirateke egoera horretan.

Haur eskolen dohakotasuna bermatzeko neurriak onartu eta COVID-19aren izurriaren eraginez indarrean zeuden ostalaritza salbuespen neurriak (terrazen doakotasuna) bertan behera uzteko erabakia hartu dute ostegun honetako osoko bilkuran.

Neurri horrekin batera, besteak beste NBCI-BIZIZ zerbitzuko egoiliarrentzako bizikleta-aparkalekuen ordainketa %20 jaistea erabaki dute, eta harrera-familiak eta harreratik datozen edo harreran dauden 25 urtetik beherako pertsonak (familiakoa edo egoitzakoa) tasak murrizteko familia ugarientzako zehazten diren arau eta ordenantza fiskal guztietan sartzea.

Oposizioa Navarra Sumaren aurka

Navarra Sumaren kudeaketa kritikatu dute beste behin Iruñeko udaletxean. Bi adibide utzi zituen atzoko bilkurak. Batetik, EH Bilduk eta PSNk iradoki dute, Navarra Suma Iruñeko taxi zerbitzuaren kalitatea kritikatzen ari dela, Uber edo Cabify bezalako enpresek Iruñean lan egin ahal izan dezaten. Iruñerriko mankomunitatearen aurkako adierazpena eraman zuen osoko bilkurara eskuineko hirukoak. Bestetik, Sanferminetako xake torneoagatik Navarra Sumako bi zinegotzi gaitzetsi ditu oposizioak. Maria Garcia Barberena Kulturako zinegotzi delegatuaren eta Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziaren “xahuketa eta kudeaketa” kritikatu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!