Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri eta legez kanpokoa deklaratu du Cirmautoko enplegua erregulatzeko espedientea. Ez hori bakarrik. Langileei greba eskubidea urratu zaiela ere ebatzi du.
Cirmautoko zuzendaritzak 2021eko urrian jakinarazi zuen plantillako 28 pertsonak kaleratu eta enpresa ixteko asmoa zuela. Hasieratik, langileria aurka agertu zen eta bere lanpostuei eusteko borroka egin zuen. "Enpresak ez zuen inoiz negoziatzeko edo Cirmauto ixteko alternatibak proposatzeko asmorik izan", azaldu du ELA sindikatuak. Hau guztiagatik, plantillak greba mugagabea hasi zuen azaroaren hasieran.
Gatazka enplegua erregulatzeko akordiorik gabe amaitu zen, eta borrokak epaitegietan jarraitu zuen. Auzitegiak ebatzi du negoziazioa ez zela "fede onekoa" izan. "Enpresak ez zuen inolako negoziaziorik edo proposamenik egin, eta legearen formalitateak betetzera mugatu zen", azaldu dute. Enpresa bideragarria zela uste du sindikatuak, eta horren erakusle dela beste enpresa batek erosi dituela instalazioak, eta aurki zabalduko dituela ateak.
Enplegua erregulatzeko espedientea baliogabetu denerako enpresa itxita dagoenez, ezinezkoa da plantilla berriz lanean hastea. Horrek suposatzen du Cirmautok bidegabeko kaleratze bati dagozkion zenbatekoak eta kaleratzearen datatik (2021eko abenduaren 10a) epaia eman arteko (2022ko urriaren 3a) lansariak ordaindu beharko dituela. Gainera, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio ELAri greba eskubidearen urraketagatik. Guztira, enpresak 2,2 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko dizkie 28 langileri.
Epaiaren garrantzia Cirmauton gertatutakotik haratago doa, ordea, sindikatuaren iritziz. Hiru ohartarazpen egiten dituela dio ELAk. Patronalari, "lan erreformak enplegua erregulatzeko espedienteak errazago egitea ekarri bazuen ere, denak ez duela balio". Nafarroako Gobernuari "gelditasunak patronalaren alde lerratzen duela". Azkenik, ELAk Cirmautoko langileek egindako borrokaren balioa azpimarratu du. "Horrek erakusten du, enpresaren diruzalekeriaren, oinarrizko eskubideen urraketaren eta Gobernuaren geldotasunaren aurrean, langileen antolaketa dela lan baldintzak tresnarik onena".