Gaur iritsiko da zinema aretoetara 'Black is Beltza II: Ainhoa' filma

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 30a, 10:26
Argazkia: Black is Beltza

Golem Yamaguchin eta Morean eskainiko dute. 16:15ean izanen da lehenengo emanaldia, Ermitagainako aretoan.

Zinemaldian aurkezpen arrakastatsua egin ondotik, gaur iritsiko da zinema aretoetara Black is Beltza II: Ainhoa filma. Golemek eskainiko du lana, Morean eta Yamaguchin, bertsio originalean. Momentuz, urriaren 6ra arte programatu dute Fermin Muguruzaren animaziozko lana.

80ko hamarkadan kokatuta, zinta girotzen duen musika proiektuaren zati garrantzitsu bat da. Maite Arroitajauregi ‘Mursego’k sortu du filmaren soinu banda originala. Horrez gain, Kortatu, Redskins, Cicatriz, The Pogues, Benny Moré, Barricada, Bakht Zamina, Tania Saleh, Brenda Navarrete, Zebda eta Massilia Sound System bezalako artista eta taldeen lanak daude. Broken Brothers Brass Bandek egin du Nicaragua sandinista abestiaren bertsioa.

Soinu-banda CD formatuan eta LP bikoitzean (biniloa) merkaturatu dute.

Sinopsia

Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, iniziazio-bidaia bati ekiten dio Euskal Herrira abiatuz lehenbiziz, Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu.

Josuneren mutilaguna heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, honek erabakiko du Ainhoarekin batera bidaia jarraitzea eta honela murgiltzen dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!