EH Bilduk Nafarroa Beherearen etorbidea korridore jasangarri bihurtzeko eskatu du

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 27a, 12:16

Nafarroa Beherea etorbidea. Iturria: Google

Iruñerriko ekialdetik sartzen den bidea eraldatzea Pio XII eta Armada etorbideei jarraipena emateko eskatu du oposizioan den koalizioak. 

Iruñeko EH Bilduk Nafarroa Beherearen etorbidea korridore jasangarri bihurtzeko proposatu du, “2018ko Ziklabilitate Planaren eta Tokiko Gobernu Batzarrak hasieran onartutako Bigarren Zabalguneko HAPBren jarraibideei jarraituz”. Hirigintza batzordean, bihar, eztabaidatuko dute abertzaleen koalizoaren proposamena, Bigarren Zabalguneko Plan Bereziaren inguruan irekitako eztabaida prozesuaren barruan.

EH Bilduk oharrean azaldutakoaren arabera "Iruñeko ekialde-mendebalde ardatz iraunkorra egituratzeko beharrak justifikatzen du" eraldaketa lan hori, "Pio XII eta Armada etorbidean dauden zatiei jarraipena" emanen baitie. "Funtsezkoa da joan den legegintzaldian hasitako hirigintza-eraldaketaren ereduarekin jarraitzea, Iruñea jasangarritasunaren aldeko apustuaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren erreferente bihur dadin", adierazi dute. 

Nafarroa Behereko etorbideak “hiri osoko ibilgailuen joan-etorri handiena" jasaten duela azaldu du EH Bilduk, eta argudiatu du "oztopo handia" dela "Bigarren Zabalguneko bizilagunentzat, eta kutsadura iturri larria" dela "zaratagatik eta CO2 isuriengatik”.

Bihar udalean eztabaidatuko duten testua beste argudio bat hartu du oinarri: etorbide hori “ardatz irisgarri batean bihurtu behar da, gaur egun modu drastikoan banatzen duen Zabalguneko eremuak permeableak bihurtzeko” dio hitzez hitz. EH Bilduk gogorarazi duenez. “Udalari erantzukizunez jokatzeko” eskatu dio, “proiektu honi forma eta berehalako finantzaketa emanez”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!