Iruñeko Hizkuntza Eskolak euskara, alemana, frantsesa, ingelesa eta italiera ikasteko 3.850 plaza eskainiko ditu

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 20a, 07:43
Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, artxiboko irudi batean.

Hizkuntza ofizialez gain, IHEOk txinera, gaztelania, japoniera, portugesa eta arabiera ikastaroak emanen ditu

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak guztira 3.850 plaza eskainiko ditu 2022-2023 ikasturtean, euskara, alemana, frantsesa, ingelesa eta italiera ikasteko, A1, A2, B1, B2.1, B2.2, C1, C2.1 eta C2.2 mailetan, eta horiei 25 plaza gehitu behar zaizkie Euskara (C1) eta Ingelesa (A2, B1, B2.1, B2.2 Lizarrako C2.2) taldeetan.

Prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, emanen diren modalitateak erdi-presentzialak, trinkoak eta malguak izan daitezke, eta ingelesezko, euskarazko eta alemanezko eguneratze-ikastaroak eta ahozko azterketa prestatzeko moduluak ere badaude.

Hizkuntza ofizialez gain, IHEOk txinera, gaztelania, japoniera, portugesa eta aurten, berriz ere, arabiera ikastaroak eskainiko ditu.

Ikasturte honetako kanpaina Mastekatu, esplotatu! da. Txikle ponpa baten antzeko irudia erabiltzen du.  "Hizkuntza bat ahoan izatea iradokitzeko, dastatzeko, harekin jolasteko, ustiatzeko, bere adiera desberdinetan", azaldu dute.

Izena emateko epea irailaren 20an amaituko da. Hilaren 21ean zozketa egingo da eta izena eman dutenen artean matrikula irailaren 22an eta 23an egingo da. Ondoren, irailaren 26tik aurrera, hutsik geratu diren postuak argitaratuko dira dagozkien ikastaroetan, eta matrikula irailaren 27an hasiko da. Hilaren 30etik aurrera, beste epe bat irekiko da interesatuentzat.

Eskolaren ekimenen barruan, akordioak egiten dira beste erakunde batzuekin, hala nola Golem zinemekin edo Nafarroako Filmategiarekin, Eskolako ikasleek filmak jatorrizko bertsioan ikusteko abantailez gozatzeko aukera izan dezaten.

Eskolarentzat "funtsezkoa" da ikasleek esparru akademikotik kanpo parte hartzeko bideak aurkitzea. Ildo horretan, Eskolatik antolatzen dituzten tailerrak eta elkarrizketa-klubak nabarmendu dituzte, eta ikasturte honetan, pandemiaren ondoren berriz ere, 'Immersion weekend' edo ingelesezko murgiltze-asteburuak berreskuratzea proposatzen dute.

Ikastaroa irailaren 26an hasiko da, eta, gainera, Hizkuntzen Europako Egunarekin bat egingo du. Horretarako, oroitzapenezko jarduerak egingo dira lehen aste horretan zehar.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!