Sanfermin Txikirako prestatzen ari da Alde Zaharra

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 15a, 13:06

San Fermin Txikiko festen aurretik, jarduerez betetako aste oso bat antolatu du Alde Zaharreko Jai Batzordeak. Irailaren 23tik 25era izanen dira Aldapako Sanferminak.

Bihar hasiko dira Aldapako jaien aurreko ekitaldiak. 11:30ean, korporazio txikia hautatuko da Burgoen Plazan. Larunbatean, hilak 17, kalejira izango da auzoan barna, egitaraua banatzeko. Asteartean, hilak 20, autodefentsa feminista ikastaroa izango da, eta asteazkenean, hilak 21, Auzoenearen 30 urteei buruzko dokumental bat proiektatuko da. Ostegunean, 18:30ean, Auzogunea irekiko da. Gainera, aste osoan zehar, auzoko herri mugimenduari buruzko argazki erakusketa ikusi ahal izango da Matalazen.

Bi urteko geldialdi behartuaren ostean, Alde Zaharreko kaleetara itzuliko dira San Fermin Txikiko festak, irailaren 23tik 25era, jarduera “herrikoi, xume, euskaldun, berdinzale eta integratzailez” betetako egitarau batekin. Hala iragarri du Alde Zaharreko Jai Batzordeak.

Hiru festa egun

Irailaren 27an, ostirala, botako da suziria Corazonisten plazatik, 12:30ean, korporazio txikiaren eskutik. Ekitaldi horrekin abiatuko dira hiru festa egun. Goiz horretan txikientzako jarduerak egongo dira, puzgarriak Auzogunean, edota erraldoi txikien eta kilikien kalejira, auzoko kaleetan barna. Indarrak hartzeko, herri bazkariak eta Auzogunean egingo den gazte bazkaria izango dira. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsak auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta txikiek pilota txapelketako finala jokatuko dute, Mañuetako frontoian. Arratsaldean txiki zein helduentzako jarduera gehiago izango dira, eta iluntzean, auzokideek kalera aterako dituzte mahaiak, afari autogestionatuez gozatzeko. Gauean, 22:30ean, bingo handia izango da Nabarreria plazan, eta hainbat kontzertu eta musika emanaldi ere izango dira auzoan zehar, lehen festa eguna osatzeko.

Larunbatean, dianek eta kaleetako hamaiketakoek emango diote hasiera festa egunari, eta 11:00etan abiatuko da Alde Zaharreko erraldoien konpartsa, Plazara!-tik. Goizean zehar hainbat taldek musika eta dantzak aterako dituzte kalera. Eguerdian, Santa Ana plazan kaldereteak prestatzeko aukera egongo da, bai eta Auzogunean zein kale ezberdinetan antolatu diren herri bazkarietan parte hartzeko aukera ere. Festek musikarekin, kirol ekintzekin eta txikientzako jarduerekin egingo dute aurrera; gauean, berriz, musika egongo da Auzogunean, bai eta Alde Zaharreko taberna eta bestelako guneetan ere. Giro zaratatsuenetik aldendu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. San Jose plazan, “Errefuxiatuen Txokoa” jarriko du Zaporeak elkarteak, eta Piparrika baratz komunitarioan haurrentzako ipuin-kontalaria izango da, 13:00etan. Larunbateko egitarauan, bada nabarmentzeko hutsune bat ere: aurten, 39 edizio eta gero, ez da Zaharren Krossa delakoa egingo: lau hamarkadetan, aldaketa asko izan dira auzoko bizimoduan, eta bada garaia Alde Zaharreko historiaren parte den jarduera maitagarri honi agur esateko.

Festek igande goizean segituko dute, San Jose plazan jarriko den artisautza azokarekin. Aldapako San Ferminen prozesioak auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta jota jaialdia ere izango da Nabarreria plazan. Arratsaldean, Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsarekin gozatzeko azken aukera izango da, Plazara!-tik abiatuta. 19:00etan, gurpildun zezentxoen elkarretaratzea izango da Santo Domingo aldapan. 20:00etan, hirugarren entzierro txikia abiatuko da Corazonistas plazatik, eta azken zezensuzkoa, aldiz, 20:30ean.

Auzolanean eta errespetuz

Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatu ditu auzoko festak, “autofinantzatuz”, hainbat eragileren, auzokideren, merkatariren eta tabernen laguntzarekin, eta, Iruñeko Udalaren laguntza “geroz eta txikiagoarekin”.

Alde Zaharrera jende asko erakartzen duten festak direla jakitun, auzokideengan eragiten duen ezinegona baretzeko, Jai Batzordeak Auzogunearen aldeko apustua egin du beste behin ere. Aurreko urteetan bezala, Santo Domingoko baratzeetan kokatuko da, eta auzoko gune populatuak arintzea izango du helburu. Jai Batzordeak, gainera, etxeetako atariak eta bertan bizi direnak errespetatzearen garrantzia azpimarratu nahi du, festetarako jarriko diren komun publikoak erabili daitezen deia eginez. Komun horiek, bide batez esanda, Jai Batzordeak berak ordaindu behar izan ditu, Udalak gastu horri aurre egiteari uko egin ostean.

Halaber, San Fermin Txikiko festetan ez da inolako jarrera matxista edo homofoborik onartuko, ez eta edozein pertsona edo kolektiboren kontrako erasorik ere. Jai Batzordeak, mugimendu feministarekin eta auzokideekin batera, erantzun protokolo bat osatu du, eta egitarauaren barruan, autodefentsa feministarako tailer bat antolatu da, irailaren 20an, bai eta etxeratze kolektiboak ere, Auzogunetik, ostiraleko eta larunbateko gauetan.

Jai Batzordetik, Alde Zaharreko auzokideei deia egiten zaie, Auzogunearen muntaian (irailaren 21ean, asteazkena) zein desmuntaian (irailaren 25ean, igandean) parte hartu dezaten. Horretarako, aski da auzogunetxandak@gmail.com helbidera idaztearekin. Zezentxoak edo kilikiak eramateko, itsulapikoak banatzeko edota bestelako lanetarako, azjaiak@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!