Bideko Ama Birjinaren Ospitaleko bainu batzuetan geratu zen erasoa, irailaren 2an. Gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati, lan txanda amaitu eta etxera zihoala. Ospitaleko kafetegi-zerbitzuaren Arcasako langilea da biktima. Eta Rosa haren lankidea: “Ezin dugu holakorik onartu. Bera izan da biktima gaur, bihar zein izanen da? Elkarrekin egin behar diogu aurre”.
Ehunka lagun bildu dira eguerdian Iruñeko Vianako Printzea Kontsulta Zentroko zabalgunean sexu erasoa gaitzesteko. Arcasako Zuzendaritzak, Langileen Batzordeak, ospitaleko Zuzendaritzak eta Langileen Batzordeak batera deitu dituzte langileak protestara. “Zurekin eta gainerako emakumeekin gaude”, adierazi du Rosak elkarretaratze isilaren amaieran.
Biktimak gertatutakoa salatu bezain laster, Foruzaingoak sexu-erasoen biktimei arreta emateko prozedura aktibatu zuen, salatzaileari laguntza psikologikoa eta juridikoa emateko. Aldi berean, ikerketa abiatu dute, eta asteazkenean 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Iruñean, sexu erasoaren ustezko egilea delakoan. Guardiako epaitegiak behin-behinean aske uztea agindu zuen, eta salatzailearekiko urruntze-agindua ezarri zion.