Guaguancó al chilindrón deitzen da Goxua 'n Salsa taldearen single berria eta gaztelaniazko lehen kantua. Talka kultural bat du oinarrian. Habanar erritmo itsaskor baten gainean eraikia, metal haizezko instrumentuz inguratua, hitzak Kuba eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak aipatzen ditu umorezko ukituekin. Izenburuak bi lekuei egiten die erreferentzia, guaguancó kubatar saltsa erritmo bat delako, eta txilindron Nafarroako gastronomian ohikoa den saltsa delako.
Danny Valenciak jarri dio ahotsa Guaguancó al chilindrón kantari, orain arte korista gisa aritutako kideak, alegia. Abestiaren grabaketa eta edizioa Aizoaingo Erviti estudioetan egin dute, eta Iruñeko taberna batera kubatar bat iritsi dela kontatzen duen animaziozko bideoklip batekin lagundu dute kantua.
2020ko urtarrilean sortu zuten Goxua’n Salsa Iruñean, kulturen arteko lotura berriak garatuz, euskarazko saltsa eta musika latinoa bultzatuz. Orkestra kolonbiar-nafarrak New York, Kolonbia eta Puerto Ricoko 60, 70 eta 80. hamarkadetan inspiratutako saltsa klasikoa interpretatzen du, euskaraz.