Espainiako Gobernu ordezkaritzak zarata egitea debekatu die 0-3 zikloko langileei

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 8a, 08:22

Ikasturtea hastearekin batera ostegunetako protestak berrabiatuko dituzte 0-3 Plataformako hezitzaileek. Zikloko alor pedagokikoa lantzeko taldean parte hartzea proposatu diete 0-3 organoko ikasturteko lehenengo bileran.

Osteguna da, baina Nafarroako Parlamentu aurrean, ez da uda aurretik ohikoa bilakatu zen irudia errepikatuko. 0-3 zikloko langileek protesta eginen dute, arratsaldean; baina ezinen da zaratatsua izan. Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak zarata egitea debekatu dio plataformari. Atzo salatu zuten sare sozialetan, eta horren aurrean manifestari bakoitzak "ahoan jartzeko debeku ikur bat prestatzea" proposatu dute. 

Atzo izanen zuten ikasturteko lehenengo organo bilera Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak, Udal eta kontzejuen federazioak eta 0-3 plataformak. Lan talde paralelo batean partea hartzea proposatu diete langileei, 0-3ko alderdi pedagogikoak lantzeko. Beharrezkoa ikusten dute, baina ez dute uste gaia behar bezala lantzeko baldintzak ematen direnik.

Azaldu dutenez, greban zirenean baino baldintza okerragoetan abiatu da ikasturtea hezitzaileentzat. Eta salatu dute prentsatik jakin izan dutela langileen soldatak eguneratzeko gobernuak onartutako kreditu gehikuntza. 1,4 milioiko gehikuntza izanen da eta 23ko irailetik aurrera sartuko da indarrean. 

"Neurriak aukera emango du 0 eta 3 urte bitarteko eskolatzeko udalekin egindako hitzarmenen finantzaketan hobekuntzak aplikatzeko", azaldu du gobernuak. "Zehazki, kreditu gehitze horrekin langileen soldata igoko da, hezitzaileen kontratazioak handituko dira, ordezkapenak hobetuko dira eta aurrekontu-ekitaldi honetan funtzionatzeko zenbatekoak eguneratuko dira" gaineratu dute. 0-3 plataformatik, ordea, salatu dute bermerik ez dutela neurriok, "aurrekontuak onartu gabe daudelako eta hauteskundeak tartean".

Navarra Sumak 0-3 zikloari buruz egindako lege proposamenak bidea hartu du bitartean Nafarroako Parlamentuan. Gobernuak ezadostasuna agertu du arauarekiko, martxan duten finantzaketari zuzenean eragiten diolakoan. Langileek, ordea, egoki ikusten dute: "Irtenbidea zikloa arautuz emanen da". Lege proposamenari zuzenketak proposatuko dizkiote.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!