"Harrotasunez eta arduraz" hartu du bozeramaile kargua Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Eta zehaztu duenez, “Nafarroako Gobernu guztiaren bozeramailea” izanen da. Astelehenean Geroa Bai eta Ahal Duguk hori egiteko eskatu zioten.
Haren izendapena, gobernuak orain arte esandakotik argudiatu du: "Une honetan ekonomia da lehentasuna”. Horregatik, hortik hasi da, datorren urterako aurreikuspenak azalduz. “Energiaren krisia” bizi du munduak, haren hitzetan; baina nafar ekonomiak hazten jarraituko du.
%4 egin du gora aurten ekonomiak, barne produktu gordinaren arabera; eta %1,4ko hazkundea aurreikusten dute 2023rako. Enplegua 2,5 haziko da aurten, eta 0,4 datorren urtean. Inflazioak ere behera eginen duela aurreikusi du bere departamentuak: 8,9tik, 4,8ra.
Herritarrek horri aurre egiteko neurri fiskalak lantzen ari direla azaldu du. Enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako kenkaria urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean; eta familientzako beste bat prestatzen ari dira. Akordio bat sinatu dute zenbait talde politikok, ez du zehaztu zeintzuk.
Aurreikuspen horiekin, datorren urteko aurrekontu orokorrak handiagoak izanen direla aurreratu du.