120.000 euroko isunak, Kuria karrikako gertakarien kontura

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko ira. 7a, 07:43

Prozesioa, 2022ko uztailaren 7an, Kuria karrika zeharkatzen. (Argazkia: Ahotsa.info)

Navarra Sumaren udal aginte taldeak hamar lherritarri 12.000na euroko zigorra ezarri die

Iruñeko Udalak hamar salaketa aurkeztu ditu bide administratibotik beste horrenbeste herritarren aurka, eta horietako bakoitzari 12.000 euroko zigorra ezarri dio, uztailaren zazpiko Kuria karrikako gertakariak direla kausa.

Udalaren prentsa ohar baten arabera, salaturiko hamar pertsonok ustez egindakoa Herritarren Segurtasunerako Legearen “urraketa larria” da; izan ere, “indarkeria, mehatxuak edota intimidazioa erabili zituzten” eta eragin zuten arriskuarengatik ezarri 12.000 euroko isunak. Atxilotuei prozesioko zenbait kide bultzatzea eta haien aurka edaria botatzea egozten diete.

Isunok bide administratibotik tramitatuko dituzte. Nolanahi ere, bide judiziala ere zabalik dago. Beste bide horretan Iruñeko Udalak akusazio partikular moduan parte hartuko du, gertakariek zuzenki kalteturakoa dela argudiatuz.

Gogoratuko denez, uztailaren zazpian, prozesioan, udal segizioa Kuria karrika zeharkatzen ari zelarik, liskarrak izan ziren udaltzainen eta Maia alkatearen kontra protestaka ari ziren zenbait herritarren artean. Hainbat zauritu izan ziren, horien artean hiru udaltzain. Eta horietako bati sudurra hautsi zioten. Ahotsa.info webgunearen bideo batean ikus daiteke udaltzain horrek herritar bati ukabilkada jo ziola lehendabizi eta horren ondotik heldu zela sudurra hautsi zion ukabilkada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!