Euskarazko kontakizun laburren lehiaketa antolatu du Civivox sareak

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 1a, 11:49

Iruñean kokatutako 200 hitzezko narrazioak sarituko dituzte. Lanak irailaren 25ra arte aurkeztu daitezke.

Iruñea Bihotzean da Civivox sareak irailean antolatu duen euskarazko kontakizun laburren lehiaketaren izena. Gaia irekia da, eta kontakizuna 200 hitzera mugatzea eta Iruñean kokatzea dira bete beharreko baldintzak. Irailaren 25era arte aurkeztu daitezke lanak, adinaren araberako hiru kategorietan.

Sormena bultzatzea eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egitea da ekimenaren helburua. Bi kontakizun bidali ahal izanen dituzte parte hartzaileek, eta aurkeztutakoen artean lau sarituko ditu udal teknikariek eta Civivox sarearekin elkarlanean diharduten profesionalek sortutako epaimahaiak. Hiriko liburu dendetarako erosketa txartel bana jasoko dute irabazleek. Helduen kategoriako (18 urtetik gorakoak) kontakizun labur onenaren saria 150 eurokoa da. Gazteen (14 eta 17 urte bitartekoak) eta haurren (8 eta 13 urte bitartekoak) kategorietan, irabazleek 100 euroko kupoia eskuratuko dute. Azkenik, epaimahaiaren sari berezi bat jasotzen da onarrietan, 50 eurokoa.

Lanak PDF formatuan bidali behar dira participacion@redcivivox.es helbidera, mezuaren gaian «TXAPELKETA EUSKARAZ» jarriz. Izengoitiz sinatu behar dira, eta erantsitako beste dokumentu batean egilearen datuak adierazi beharko dira. Oinarriak Iruña kultura da atarian irakurri daitezke.

Epaimahaiaren erabakia urriaren 21ean jakinaraziko dute, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasun Saileko ohiko informazio-kanalen bidez.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!