Euskaraz bizi eguna ospatuko du Iruña taldeak larunbatean

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 1a, 11:25
Argazkia: Dantzan.eus

Xendarineko ahizpen zuzenekoa eta bertso afaria izanen dira, besteak beste, taldearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Mende erdia bete du aurten Iruña taldeak. Folklorean euskal kultura hedatzeko asmoz eratu zuten hogeita hamar lagunek taldea, 1972an. Hasiera “latza” izan zen, taldeak haren atari digitalean jaso duenez. “Hala ere, jarritako ahaleginei eta ikasitako ohitura bultzatzeko zuten gogoari esker, haien nortasuna finkatzea lortu zuten”.

50 urteetan, Iruñera eta Euskal Herrira ez ezik, nazioartera ere zabaldu du taldeak egindako kulturgintza lana. Austrian, Alemanian edota Eskozian izan dira, besteak beste, zenbait jaialdietan parte hartzen. Egun. 25. urteurrenarekin batera, aurrera urratsa eman zuen proiektuak. Barne gogoeta bat egin ondoren, Iruña Taldea Euskal Kultur Elkartea sortu zuten sustatzaileek. 75 kide baino gehiago ditu.

Larunbat arratsaldean eginen du urteurrenari lotutako hurrengo ekitaldia: Euskaraz bizi eguna. Xendarineko Ahizpak taldeak zuzenekoa eskainiko du, 19:30ean. Ondoren taldeko argazkia eginen dute, Hordago egitasmoak urriaren 22an zonifikazioaren aurka Tuteran antolatu duen manifestaziora dei egiteko. Bertso afaria 21:30ean izanen da. Alazne Untxalo, Ekhiñe Zapiain eta Endika Legarra ariko dira Iruña taldeko egoitzan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!