Txistu eta gaita dantzaldiak Gazteluko plazara itzuliko dira, abuztuaren 16tik aurrera

Euskalerria Irratia 2022ko abu. 12a, 08:13
Udal gaitariak, Gazteluko plazako emanaldietako batean (Argazkia: Iruñeko Udala)

Asteartero eta ostegunero izanen dira emanaldiak, irailaren 22ra arte

Txistuaren eta gaitaren musika Gazteluko plazara itzuliko da abuztuaren 16an, asteartearekin, uztaileko oporretako geldialdiaren ondoren. Udako ohiko hitzordua 19:00etatik 21:00ak arte egin ohi da. Ordutegia hori bera izanen da abuztuan asteartero eta ostegunero, eta ordu erdi aurreratuko da irailean –18:30etik 20:30era–, irailaren 22an programa amaitu arte. Txistu eta gaita dantzaldiak hilaren 16, 18, 23, 25 eta 30ean daude programatuta abuztuan; eta irailean 1, 6, 8, 13, 15, 20 eta 22an. Orotara hamabi saio dira, sanferminen aurretik egindako seien ondotik.

Gazteluko plazako dantzaldiak pasodoble, polka, zortziko, porrusalda eta kalejirekin osatzen dira, hiriko txistulari eta gaiteroen bandarekin elkarlanean egiten da 1943az geroztik, eta Iruñeko Udalaren kultur programazioko jarduera finkoa dira dagoeneko. Musikarien kokapena aldatuz joan da urteen poderioz, eta Sarasate pasealekutik eta Basotxotik igaro zen egungo kokagunera iritsi aurretik. Pandemiatik eratorritako murrizketek programazioari eragin zioten, baina jada berreskuratu da.

Emanaldi hauek Iruñeko Txistulari Taldeak eta Iruñeko Gaiteroen Bandak Iruñeko Udalarekin duten kontratuetan sartzen dira. Ospakizun instituzionaletan laguntzeaz gain, kontratuak beste hitzordu batzuk jasotzen ditu, hala nola txistu eta gaita kontzertu hauek, dianak eta zaindarien jaiei edo harrerei lotutako beste ekitaldi tradizional batzuk. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!