Gotzon Plazak irabazi du euskarazko Iruña Hiria XVI. Nazioarteko Poesia Saria

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 29a, 07:42
Argazkia: Bilboko Udala

Bizkaitarraren Insomnioa lana saritu dute Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak.

Hamabost lan aurkeztu dira Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak sustatutako Iruña Hiria XVI. Nazioarteko Poesia sariketara, euskaraz. Horien artean, Gotzon Plaza Jaio idazle bizkaitarraren ‘Insomnioa’ lana nabarmendu du epaimahaiak. 3.000 euroko ordain saria jasoko du, eta olerki-bilduma argitaratuko diote sustatzaileek.

Hamabi lehiaketetan izan da saritua Gotzon Plaza idazle bilbotarra. Nafarroan Sagrario Resano Ipuin Lehiaketa irabazi zuen 2016an eta Antsoaingo Lapurbide Narrazio Lehiaketa, 2018an. 2016an Ernestina Champourcin XXVII. Poesia Lehiaketa irabazi zuen Orfeoren jaitsiera lanarekin, eta 2018an Arabako Foru Aldundiak argitaratu zuen. 2016ean Bubok argitaletxearekin Mintzairak obra plazaratu zuen.

Literatur sormena sustatu eta hedatzea, eta egileak ezagutzera ematea da Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren helburua. Euskarazko lanak bakarrik ez, gaztelaniazkoak ere saritzen dituzte. Aurten 424 olerki-bilduma aurkeztu dira osotara lehiaketara, 409 gaztelaniaz eta 15 euskaraz. Nafarroatik sei poema bilduma heldu dira gaztelaniaz eta beste sei euskaraz. Euskaraz jaso diren gainerako lanak Euskal Herrian idatzitakoak dira: hiruna Gipuzkoatik eta Bizkaitik bidali dituzte, bi Ipar Euskal Herritik eta bat Arabatik.

Gaztelaniazko modalitateetan Manuel José de Lara Ródenasek irabazi du lehenengo saria ‘Retrato apócrifo’ obrarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!