Osasunak denboraldi berrirako laugarren fitxaketa iragarri du: Moi Gomez erdilaria. Villarrealen aritu da azkeneko denboraldietan tartean Txapeldunen Liga eta Europa Liga jokatu dituelarik, azken hau irabazita.
Moises Gomez Bordonado Alacanten jaio zen eta 28 urte ditu. Talde horiaren harrobiko jokalaria izanik ere 2015. urtean Getafen aritu zen utzita eta hortik Gijongo Sportinek fitxatu zuen. Bi denboraldi eman zituen bertan gero Huescara joateko. Aragoiko taldearekin igoera lortu zuen eta lehen mailan denboraldi txukuna egin ostean, bere hastapenetako taldeak, Villarrealek fitxatu zuen. Hiru denboraldi eman ditu bertan eta azkenekoan 29 partidu jokatu arren, protagonismoa galtzen hasia zen.
Orain Iruñerako bidea eginen du, bost urteko kontratuarekin, Osasunak talde horiari 1,8 milioi euro ordaindu ostean. Bi kluben arteko akordioak hainbat osagarri jasotzen ditu, besteak beste, gorritxoek 100.000na euro ordainduko dizkiote jatorrizko taldeari lehen mailari eusten dioten kontratuaren urte bakoitzeko. Aurre-akordioak ere jasotzen du Osasunak bost denboraldi horietakoren batean Europako lehiaketetan aritzeko sailkatzea lortzen badu, gehigarriak ordainduko dituela.
20 milioi euroko etete klausula izango du Moi Gomezek. Bi hankekin abila da, eta hainbat posiziotan molda daiteke, batez ere erasoko erdilari gisa eta ezker hegalean.