Udal ondasunen erabilera aztertzeko batzordearen eratzea geldiarazi du Maiak

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 21a, 08:16

EH Bilduko zinegotziak udal ondasunen ustezko erabilera okerraren berri ematen, aurtengo apirilean.

Navarra Sumak Imarkoaingo hondakin-plantaren aurka aurkeztutako txostena udal baliabideekin eta lan ordutegian egin zutela salatu du EH Bilduk. Duela bi hilabete onartu zuten batzordearen eratzea, eta eskuineko hirukoa ez da hura martxan jartzeko epeak betetzen ari.

Maiatzaren 17an onartu zuten EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik araudia aldatzea eta batzorde berezi bat sortzeko aukera sartzea, beste udal askok duten bezala. Gobernu taldeak izapidetu behar du espedientea, momentuz ez du mugimendurik egin.

Gobernu Estrategikoaz arduratzen den Ana Elizalde alkateordearen sailak hamar egun balioduneko epea izan du batzordea eratzeko beharrezkoak diren hiru txostenak aurkezteko – juridikoa, teknikoa eta genero-eraginari buruzkoa –. Epea igaro da, eta dokumenturik ez dute entregatu. Oposizioak lau mezu bidali dizkio Gobernu Taldeari atzerapenagatik azalpenak eskatzeko, eta behin baino gehiagotan galdetu diete egin gabe dauden txostenei buruz, baina ez dute erantzunik jaso.

Bere jardun eremutik kanpo, udaleko zerbitzu juridikoen arduradunak Navarra Suma koaliziorako lanak egin ote zituen aztertzea izanen du xede Batzorde Bereziak. Udal gehiengoak, oposizioak, jarri du abian, apirilean EH Bilduk ezagutzera emandako ustezko kasu baten ondotik. Enrique Maiaren udal gobernuak ez baitu azalpen argirik eman gaiaren inguruan.  

Zabaldu zutenez, eskuineko hirukoaren konfiantzazko kargu horrek 30 ordu baino gehiago eman zituen udaletxeko ordenagailu ofizialetik eta lan-ordutegian Navarra Sumak Imarkoaingo hondakin-plantaren aurka aurkeztutako txostena egiten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!