Udalak ez du euskarazko igeriketa ikastarorik eskainiko Arantzadin

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 20a, 07:43

Haurrentzako igeriketa ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute. Bost ikastaro eskainiko dituzte abuztuan; denak, gaztelaniaz.

Iruñeko Udalak bost urtetik gorako haurrentzako igeriketa- kastaroak eskainiko ditu abuztuan Arantzadiko kirol gunean. Ikastaroak abuztuaren 1etik 19ra bitarte eginen dira, arratsaldez. Interesa dutenek Nafarroako Igeriketa Federazioaren 948 22 72 79 telefonoaren edo federazioaren webgunearen bidez eman beharko dute izena. Lekua eskuratu ahal izateko beharrezkoa izanen da 2017an edo lehenago jaio izana. Izen-emateak eskaerak egindako hurrenkeran eginen dira ikastaro bakoitzeko leku guztiak bete arte.

Bost ikastaro ezberdin aurreikusi dituzte: hastapeneko 1. mailako bi, hastapeneko 2. mailako beste bi eta hobekuntzako bat. Eskolek ordu erdi iraunen dute egunero, eta 16:30etatik 18:30era bitarte eginen dira, mailen arabera. Maila haur bakoitzak uretan ibiltzeko duen gaitasunaren arabera aukeratu beharko da.

Ikastaroek 80 euro balioko dute, eta Arantzadiko kirol gunean abonatutako pertsonentzako prezioa 70 eurokoa izanen da. Abonatuta ez daudenen kuotak eskubidea ematen du ikastaroan parte hartzeko, ez gainontzeko instalazioak erabiltzekoa. Jarduera astelehenetik ostiralera eginen da, abuztuaren 1etik 19ra bitarte. Edonola ere, abuztuaren 15a, astelehena, jaieguna da, beraz, ez da eskolarik izanen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!