San Fermin egunean Curia kalean izandako istiluengatik atxilotu zuten Mutiloako bizilaguna, eta espetxeratu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, uztailaren 12an, behin behinean. Fidantzarik gabeko kartzelaratzea agindu zuen Mari Paz Benito epaileak. Desordena publikoak eragitea, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak leporatzen dizkiote, udaltzain bati ukabilkada bat ematea egotzita. Ahotsa.info atariak jakinarazi duenez, epaileak defentsaren errekurtsoa onartu du, eta 6.000 euroko fidantzapean aske geratuko da.
Iruñeko 3 zenbakiko epaitegiak behin-behinean aske utzi du, beraz, Mutiloako bizilaguna, baina, pasaportea entregatu beharko du eta debekatuta izanen du Espainiatik irtetea. Hilabetean behin epaitegira joan beharko du sinatzera. Festak amaituta, delitua errepikatzeko arriskua ahuldu dela iritzi dio Mari Paz Benito epaileak.
Auziaren autoaren berri eman du Ahotsa.info-k. Atariak azaldu duenez, epaileak ebatzi du aurretik 130 udaltzainak kolpe bat eman izanak “ez dituela inolaz ere desitxuratzen" akusatuari egotzitako gertaerak. Gorroto delitua edo “gorroto zirkunstantzia astungarri bat” egon daitekeela uste du Benitok, “ondoren egon daitekeen motibazioagatik, eta horrekin batera egin ziren oihu eta kontsignengatik”. 130 agenteari lesio-delitua egotzi dio.
Denera zortzi lagun atxilotu zituzten Curia kaleko istiluengatik, “udalbatzari eraso egitea” egotzita. Deklaratu ostean aske utzi zituen gainerako zazpiak epaileak, baina beren burua auzitegian aurkeztu beharko dute astero.