Bi adarkatu gutxienez Jose Escolarren entzierro azkar eta arriskutsuan

Haritz Pascual Garjon 2022ko uzt. 9a, 08:50

  • Bi minutu eta 28 segundoko lasterketa bizia egin dute zezenek
  • Zazpi pertsona eraman dituzte ospitaletara, bi adarkatuak
  • Jende gehiago somatu da Iruñeko karriketan

Asteburu eguneko lehendabiziko entzierroak, espero ziren osagai guztiak izan ditu: jendetza, arriskua eta zauritu larriak.

Gaur bai, azkar irten dira Santo Domingoko ikuiluetatik idiak, hasi dira Macuakoak beren lana ikasten eta abiadura bizian egin dute maldan gora. Gaur ez da tarterik izan talde aurrean korrika egiteko lehendabiziko metro hauetan. Baina Jose Escolarreko zezenak are azkarragoak dira eta Udaletxe plaza zapaldu bezain pronto, zezenetako batek aurre hartu dio taldeari eta suziria balitz zeharkatu du Mercaderes karrika. Gaur zezen eta idiek ez dute talkarik egin Estafeta hasierako hesiarekin eta horrek arrisku unea ekarri du, abiadura handiak, erorketak ekarri baititu zezenen aurpegi eta adar aurrean. Adar puntak, gert gertu pasa dira hainbat korridoreetatik. Estafetan gora, kalean pilatutako jendetzak eta zezenen abiadurak zaildu ditu lasterketa ederrak. Borroka biziak gaur adarren aurrean jartzeko, ukondoak eta bultzakadak ohiko korridoreen artean, adarren aurrean gozatzeko. Erorketak nonnahi eta berriz ere, atzokoan bezala, ibilbidean geldirik ziren ikusle ez korridoreak arriskua areagotuz. Kallejoirako jeitsieran, aurreko egunetan lasterketa ederrak egin dituen gazte batek erorikoa izan du zezen talde aurrean eta lurreruntz zihoala, adarra sartu dio zezenak, haren kontra egin gabe. Bera da, gaurko entzierroak utzitako adarkadatuetako bat.

Bi adarkatu izan dira gutxienez Jose Escolarren entzierroan, 2022ko Sanferminetako lehendabizikoak. Ebakuntzaren zai, larri dira Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Beste bost pertsona gehiago ere eraman behar izan dituzte ospitalera, kolpe ezberdinengatik.

Bihar, asteburuko bigarren entzierroa izanen da Iruñeko karriketan Igande goizean, milaka korridore, ikusle eta festazaleekin kalean. La Palmosillako zezenak izanen dira protagonista. Tarifakoek, bigarren aldia dute Iruñean, 2019an debut azkarra ia ia errekorrekoa egin baitzuten gure kaleetan, bi minutu eta 12 segunduko denbora markatu baitzuten. Abiadurak zauritu asko utzi zituen arren, ez zuten inor adarkatu. Ea bihar.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!