Iseo & Dodosound, Foruen Plazan

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 8a, 09:30

Musika eskaintza zabala izanen da gaur sanferminetan: Iseo, Doctor Deseo, Katanga, Screamers and Sinners, Lakubegi eta hainbat DJ.

Bertako doinuek Foru Plazako giroa alaituko dute gaur gauean, Iseo & Dodosound eta Doctor Deseo euskaldunen eskutik. Ingelesez interpretatutako reggae eta euskarazko rock konbinazioa aukeratu du gaur gauerako Iruñeko Udalak. Iseo & Dodosound talde nafarrak emango dio hasiera jaialdiari, 23:20ean, Blossom disko berria aurkeztuz. Ez da Iseo & Dodosound taldeak sanferminetan jotzen duen lehen aldia. 2018an egin zuten, uztailaren 7an, jaiez gozatzen ari ziren ehunka nafar eta kanpotarren aurrean.

Doctor Deseok, berriz, bere hamazazpigarren diskoa ekarriko du Nafarroako hiriburura, «Maketoen iraultza», hainbat albumetako euskarazko kantuen bilduma. Panorama nazionaleko rock talde finkatuenetakotzat jotzen da, eta azken disko honetarako bere aurreko albumetako euskarazko kantuen bilduma egin du.

Black Fermin Super party jaia egitarauarren barruan, bi kontzertu izanen dira gaur Katakraken. Julen Caba ariko da lehenik, 17:00etan. Ondoren, Katanga Kantuzen txanda izanen da hamarretan. Ordu beran, DJ Reimy ariko da Gora Iruña tabernan, Andoni Mitxelenarekin erromeria izanen da La Unica peñan, eta 20:30ean Kalixto tabernako platerretan DJ Viking Johns eta Zerua Sutan izanen dira.

23:30ean hasiko dira Oinez Txokoan Tafallako ikastolak antolatu dituen kontzertuak. Gaur Arrasateko Screamers and Sinners eta Lakubegi XIII taldeak ariko dira Takonerako oholtzan zuzenean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!