"Udalaren zentsuraren aurkako" txistualdia eginen dute gaur herri eragileek

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 10a, 08:49

Enrique Maiaren kudeaketa “negargarria” kritikatu dute Iruñeko Peñen Federazioa, Herri Sanferminak, Kultur Aniztasunaren Jai Batzordea eta Auzoak kolektiboek.

Enrique Maia Iruñeko alkateak egunkarietako lerroburuak bete nahi izan ditu aurtengo sanferminetan. Hala uste dute Iruñeko Peñen Federazioa, Herri Sanferminak, Kultur Aniztasunaren Jai Batzordea eta Auzoak kolektiboek. Navarra Sumakoaren “burutazioen” zerrenda luzea irakurri dute: “Lehenik eta behin, jaiak 3 egun gehiago luzatzeko ideia izan zen, Navarra Arenako kontzertu handia, txupinazoa nork botako duen herri aukeraketa ezabatzea, jaien erdigunetik jai herrikoiak eta kultur aniztasuneko kolektiboak ateratzea, Gazteluko Plazan 10 barra jartzeko aukera ematen den bitartean, Basotxoan hatzez esleitu dituzte postu zenbait, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa aldatzen saiatu dira eta peñek antolatutako zenbait jarduera debekatu dituzte”. Txistualdia eginen dute gaur, 10:30ean, Udaletxeko plazan.

Maiak “jaiak pribatizatu” nahi dituela uste dute, eta jai herrikoiak aldarrikatu dituzte herri eragileek, “guztiontzat, erasorik gabeko jaiak bizitzeko eskubidea bermatzeko, hiria aberasten duen kultura-aniztasuna errespetatzeko, euskara babestu eta bultzatzeko eta, azken batean, Sanferminen izaera herrikoia gailentzeko". Navarra Sumako udal gobernuak bi urte izan ditu hiriko jaiak antolatzeko; baina, salatu dutenez, “trabak baino ez ditu jarri”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!