Sanferminetako programa ofiziala aurkeztu zuen atzo Iruñeko Udalak. Horretarako antolatu zuen prentsaurrekoa, baina egitarauaren hitzorduak azaldu aurretik, indarkeria sexistaren aurkako borroka nabarmendu zuen Enrique Maia alkateak, azken asteotan sortu den auzia apaldu nahian: "Udaltzaingoak egiten duen lana nabarmendu nahiko nuke".
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako kanpaina garatuko dute eta protokoloa bere horretan utzi. Baina ez ona iruditzen zaielako, baizik eta “adostasunagatik”, feministen haserrea apaltzeko. Navarra Sumak aitortu du udalari eskumen gehiago eman, eta feministei mobilizazioak antolatzeko ahalmena kendu nahi diela protokoloa aldatuz.
Ohartarazi zenuten bezala, Barberenak publikoki aitortu du protokoloa aldatu nahi dute.
Bai, inoiz ez dugu gezurrik esan. Argi eta garbi esan genuen hori planteatu zela bilera horietan. Baina saiatu ziren nolabait ezkutatzen, baina azkenean ikusi da guk erraten genuela horrela zela. Haien helburua da protokoloa aldatzea, eta gure kezka ez da horrenbeste protokoloaren aldaketagatik, aurreko urteetan protokoloan aldaketak egon direlako ere. Gure susmoa da nahi horren atzean sanferminetan gertatzen diren erasoen ezkutatze nahia dagoela.
Planto egin zenuten. Aldaketa hori egin nahi zutela jakin zenutenean, mahaitik altxatu zineten. Badirudi horrek eragina izan duela, ezin baitute aldaketarik eginen.
Altxatu ginen mahai horretatik, horregatik, baita ere ez delako landu aurten normalean lan egiten den bezala, hau da, adostasunarekin. Hori da mahai horren helburua. Egia da gu beti hitz egiteko prest gaudela. Mahaian gaude berriz ere eztabaidatzen eta azkenean badirudi behintzat kontsentsu bat lortu dugula. Atzoko hitzak entzunda agerian dagoena da momentuz adostasun bat dagoela, baina hau ez dutela mantendu nahi. Hala ere, plataformatik eta mugimendu feministatik nahiago dugu argiak izan daitezen. Ez badute nahi orain arte egin dena balioztatu, esan dezatela. Hala ere, nik uste dut Navarra Sumak eman behar dituela azalpenak. Ez du bakarrik atzera egin gure presioagatik bakarrik, baizik eta hiritarrok orokorrean ez dugulako ulertu aldaketa. Orain arte ongi funtzionatu duen protokoloa aldatzeak ez du inolako zentzurik.
Kanpaina eginen dela ere esan zuten atzo, baina xehetasun askorik eman gabe. Kritikatu zenuten hartatik aldaketak izan al dira?
Bai aldaketak egon dira edo behintzat hala esan digute. Egia esanda oraindik ez da bukatu lanketa. Bihar beste behin ere bilduko gara udalarekin talde horren barruan, eta hor bai espero dugu azkenengoz xehetasunak ematea. Printzipioz aurreko urteetan egin zen kanpainetan oinarrituko da. Udal honekin inoiz ez dakigu oso ongi norainokoak izanen diren aldaketak, espero dugu azkenengo bileretan adostu zena mantentzea. Hitza eman zuten, eta printzipioz konfiantza dugu horretan.