Josu Caballero (ELA): “Tele-Taxik ez gaitu deitu; beraz, greba mugagabera jo beharko dugu”

Duela urtebete baino gehiago hasi ziren Tele-Taxi Enplegu Zentro Bereziko langileak zuzendaritzarekin negoziazioetan, lan baldintzak duintzeko. Otsailean lortu zuten aurre akordioa, baina enpresak ezin duela bete jakinarazi die orain. ELAko ordezkaria da enpresan Josu Caballero.

Soldatak 2021. eta 2022. urteetarako KPIaren arabera eguneratzea adostu zuten, eta KPIa gehi %0,5eko igoera 2023rako. Proposamena batzarrera eraman zuten, eta "langileek aho batez" onartu zuten. Hala ere, enpresak apirilean jakinarazi zuen ez zuela hitzartutakoa beteko, eta indikadorearen eguneratzea aplikatzeari uko egingo ziola. 

Egoerarekin haserre, auzia gizarteratzea erabaki dute langileek. Asteartean egin zuten lehenengo lanuztea, eta nahiz eta gutxieneko zerbitzuak izan, guztiek egin zuten bat aldarrikapenekin. Momentuz, ez dute enpresaren deirik jaso; eta, beraz, egindako ohartarazpena mantentzen dute: enpresak agindutakoa betetzen ez badu uztailaren 1etik aurrera greba mugagabeari helduko diote.