Haur eta nerabeentzako 980 plaza eskainiko ditu Iruñeko Udalak udarako Coworkids programaren barruan antolatu dituen jardueretan. Zortzi hiri kanpaldi antolatu dituzte, eta horien artean bakarrean sortuko dituzte euskarazko taldeak, “eskariaren arabera”, informazio orrian jaso dutenez. Uztailaren 18an hasiko den ‘Hiriko kanpaldiak’ jardueran izanen da. Iturrama eta Cardenal Ilundain ikastetxeetan eginen da, hiru eta hamabi urte bitartekoentzat. Jolasak, eskulanak, kirolak eta garapen jasangarrirako helburuei buruzko lantegiak eginen dira, 55 eta 85 euroren truke.
Erdaraz eskainiko dituzte gainerako zazpiak. Doan izanen dira horietatik hiru, hamar euroren truke Iruñetik Donibane Garazi, Orreaga, Donostia eta Hondarribia bisitatzeko aukera izanen da; eta Hegoalde ikastolan, berriz, ingelesezko murgiltze kanpaldia antolatu dute. Bihar zabalduko dute horietan izen emateko epea. 010 telefonora deituta egin ahal izanen da.
Hamalau eta 30 urte artekoentzat, berriz, Txankletak programa berreskuratu du udalak. ‘Egunero plan bat’ proposamenaren barruan izanen dira euskarazko jarduerak, baina afixan ez dute zehaztu zenbat izanen diren. Ekainaren 13tik aurrera zabalduko dute gazteen jardueretan izen emateko epea, eta Gazteriaren Etxean egin beharko da.