Orain arte izandako Iruñeko auzoetako jaietan gertatutakoak kezkaz bizi du Auzoak plataformak. “Zangotrabak, erraldoien eta kilikien kalejiren debekua. Kasu batzuetan, espaloitik joatera behartzeraino, horrek dakarren arrisku guztiekin: oztopoak, haurrak errepidera ateratzeko arrisku nabaria...”, salatu dute ohar bidez. Eraso sexisten kontrako estrategiarik edota protokolorik ez du garatu udalak. “Larriena” hori da plataformaren hitzetan.
Auzoetako jai batzordeak biltzen dituen eragileak azaldu du Iruñeko Udalak ez duela “inolako parte hartzerik auzoetako jaietan antolatzen diren ekitaldietan”. Aitzitik, jarduerak egin zitezen oztopoak ezarri dituela gaitzetsi dute: “Errepresioa, erasoak, jai egitarauei eragozpenak, aspaldidanik ezarritako edalontzi birziklatuen programaren desagertzea, jaiegunetako baimenak epez kanpo jasotzea…”.