EH Bilduk Labriteko zaldainaren konpoketa-lanen atzerapena eta gainkostua salatu ditu

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 23a, 18:52

Labriteko zaldaina, gaur. Iturria: EH Bildu

Konponketaren faktura milioi bat euro ingurukoa dela zehaztu du koalizioak. 

Iruñeko EH Bilduk ohartarazi du Labriteko zaldainaren konponketa-lanen faktura milioi bat eurora hurbiltzen ari dela. Honekin batera salatu du zazpi asteko atzerapena duela dagoeneko, aurretik finkatutako epemugarekiko. 

Navarra Sumak osatzen duen Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordeak zubia konpontzeko obren gastua 34.922,37 eurotan handitzea onartu du.

Prezio "kontraesankor" gisa justifikatutako kopuru hori % 6ko igoera da obrarako onartutako jatorrizko prezioarekin alderatuta (593.000 euro), eta zenbateko hori, aldi berean, 2020ko maiatzean alkateak ziurtatu zuen prezioa (380.000 euro) baino % 56 handiagoa da.

Aurrekontua handitzeko arrazoi orokorra "prezio kontrajarriak" direla argudiatu Udalak, baina EH Bilduk honakoa uste du: "espedientearekin batera doan txostenak benetako arrazoia azaltzen du: azpiegituraren egoera uste baino askoz okerragoa dela".

Abertzaleen koalizioak gaineratu duenez, Udaleko Obra Zerbitzuko buruak eta Hiri Kontserbaziorako zuzendariak sinatutako txostenak honako hau dio hitzez hitz: "Desmuntatzeak egituraren benetako errealitatea aurkitu du, eta hainbat arazo antzeman dira, hala nola: soldadura-kordoi osatugabeak edo erdoiltzea hasieran aurreikusi baino esanguratsuagoa dela".

Hori dela eta EH Bilduk adierazi du agerian geratu dela, koalizioa agintean zela, 2019an hirigintza-teknikariek sinatutako hondamendi txostena zuzena zela eta Navarra Sumak Ingeniari eta Arkitektoen Batzordearekin batera aurkeztutako ikerketa-txostena ez zela egokia. 

Honekin batera salatu dute une honetan Udal Gobernuak "herritarrei pasako dien faktura 950.000 eurotik gorakoa" dela eta kopurua handitu egin daitekeela "uste dugun bezala aldamioen alokairua luzatzeagatik ordaindu beharreko gainkostua dela eta". Zehaztu dute horrek %47an handituko lukeela zaldainaren konponketa lanen kostua, 981.000 euro inguru arte.

Gobernu taldeak bere garaian egindako aurreikuspenen arabera, obrak abenduaren 20an hasi behar ziren eta 15 aste iraungo zuten; beraz, apirilaren hasieran amaitu behar zen obra.

Hala ere, espedientearen arabera, lanak ez ziren martxoaren 1a arte hasi, eta, beraz, gutxienez zazpi asteko atzerapena dute momentuz. EH Bilduk ohartarazi du atzerapena handiagoa izan daitekeela eta horrek gainera "kostua gehiago handitzea" eragin dezakeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!