Atzo goizaldean gertatu zen oldarraldia. Behin txosnagunea itxita, Iturramako festetan ohi denez, ospakizunekin jarraitzeko, gaztelugibelera joan ziren hainbat lagun, harresien artean bizilagunak ez molestatzeko asmoarekin. Musika eramatearekin batera, pare bat edukiontzi ere ermana zituzten hondakinak biltzeko, gazteek esandakoaren arabera. Goizeko zortziak hamar gutxiagotan Iruñeko Udaltzainak bertaratu ziren festa eteteko asmoarekin eta haiekin batera Foruzainen liskarren aurkako furgonetak ere azaldu ziren. Poliziek bortizki egin zuten gazteen kontra eta borra kolpe eta pilotakaden ondoriozko hainbat larritu eragin. Hiru pertsona atxilotu zituzten gainera, autoritateari atentatua egotzita.
Iturramako Jai Batzordeak gertatutakoa salatu du komunikatu batean, asteburu guztian izandako giro ona azpimarratuz, non bizilagun txiki, gazte, heldu eta zaharrek festetaz gozatu duten, inolazko istilurik eta erasorik gabe. Hiru urteko etenaldiaren ostean, bazegoen gogoa adierazi dute. Horregatik, bereziki mingarria deritzote igande goizaldena gertatutakoa eta atxilotutako eta erasotutako gazteei elkartasuna adierazi die Batzordeak, poliziaren presentzia gehiegizkoa salatzearekin batera. Atzo, iturramako kuadrila guztien kaldereteekin, Aspaceko kideen erakustaldiarkein, irrien lagunen emanaldiarekin eta galizako gaitari eta mariatxien kontzertuarekin amaitu ziren Iturramako festak.