Gazte bat zigortu dute udaltzain bati edalontzi bat jaurtitzea eta alkateari irain egitea leporatua

Iosu Ganuza García 2022ko mai. 19a, 13:56

2019ko prozesioa, edalontzia jaurti aurreko unean.

2019ko uztailaren 7ko gertakariak dira, eta 23 urteko gazteak ez du espetxean sartu behar izango. 

23 urteko gazte batek atentatu delitua egotzita bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jaso du. Ebazpena Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak egin du 2019ko Sanferminetako prozesioan izandako hainbat gertakariren harira. Bertan, zigortutakoak ustez likidoz betetako edalontzi bat bota zuen eta honek udaltzain bat jo zuen. Gainera epaiaren arabera, gazteak irainak bota zizkion Navarra Sumako Enrique Maia alkateari.

Akusatuak, hurrengo bi urteetan deliturik berriro ez egiteko baldintzapean, ez du espetxean sartu behar izango ez baitu aurrekari penalik. Gainera, 240 euroko isuna ezarri diote, agintaritzari zor zaion errespetu eta begirune falta izateagatik, delitu arina egotzita.

Adostasun-idazkiaren arabera, gertakariak 2019ko uztailaren 7ko goizean gertatu ziren, Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan Sanferminetako prozesioa zela eta.

Ebazpenak honako hau dio: "Iruñeko alkatetzan izandako gobernu aldaketarekin pozik ez zeuden ezker abertzalearen jarraitzaileen taldeak, hainbat kaletan bildu ziren udalbatzako kideei adierazpen iraingarriak egiteko”.

Bildutako pertsona horien artean zegoen auzipetua, garai hartan 20 urte zituelarik. Testuak dio “autoritate-printzipioaren aurka egiteko asmoz” Iruñeko udalbatza Kuria kaletik oinez zihoala, barruan likidoa zuen edalontzia “bortizki” bota zuela, eta udal-segizioaren eskoltako kide zen Iruñeko udaltzain uniformatu bat jo zuela. Ezin izan da zehaztu ontzi horren materiala.

Akusatua prozesioaren ibilbidean egon zen gero, eta alkatea Katedraletik irteterakoan, beste pertsona batzuekin batera, errespetu faltan, Maiari eta bere kideei oihukatu zien: "UPN kanpora, hijos de puta, Maia kanpora".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!