Ez da txosnarik izango Baratxurien plazan aurtengo Sanferminetan, Iruñeko Udalak 24 salmenta postu jarriko baititu bertan. Herri Sanferminetako txosnak plaza horretan egon ziren 2019ko azken Sanferminetan eta Enrique Maia alkateak orduan ohartarazi zuen kolektiboaren jarduera "erabat neurririk gabekoa" zela, eta 2020ko jaietarako bere asmoa zela Alde Zaharrean kolektiboari lekurik ez ematea eta bere esparrua berriro Runa parkera jaistea.
Bi urteko etenaren ostean agerikoa zen Herri Sanferminak ekimenak oztopoak topatuko zituela hiriburuaren erdigunean gune bat jartzeko eta gaur Udalak eginiko iragarpenarekin argiago geratu da hori. 2019ko festen ostean alkateak balorazioa egin ostean kolektiboak argi utzi zuen ez zuela "atzerapausorik onartuko". Garai horretan haien asmoa argi utzi zuten: "Beste jai-eredu batean sakontzen jarraitu nahi dugu, eta horretarako plazak ditugun tresnarik onenetako bat dira. Espazioa Alde Zaharrean egonda, jendeak erantzun egin du, leku egokia iruditzen zaigu eta hori da nahi duguna".
Bosquecillo-ko postuak
Bosquecillo kaleko ohiko salmenta-postuak Takonera parkean zehar banatuko ditu aurtengo Sanferminetan Udalak, ohiko tokian egiten ari diren obren ondorioz. Zehazki, 108 postu baimenduko ditu, eta horietako bakoitzak 4,5 metroko luzera eta 2,5 metroko sakonera izango du gehienez. Horiei beste 24 postu gehituko zaizkie Recoletas plazan, 4 metroko luzera eta 3 metroko sakonera izan dezaketenak. Uztailaren 6tik, goizeko 8etatik, uztailaren 15era, 14.00etan irekiko dituzte.
Jai herrikoiak
Herri Sanferminak kolektiboak momentuz ez du bere asmoen inguruko berririk eman. Maiatzaren bostean #AurtenBai traolapean intrigaz beteriko txioa argitaratu zuten. Horren arabera badirudi, gune propio bat izateko espazioa prestatzen ari direla:
...Iruñeko lurrazpian.#AurtenBai #GutxiagoFaltaDa pic.twitter.com/hAnUoXlXpC
— Herri Sanferminak (@HerriSFerminak) May 5, 2022