Maialen Lujanbiok (Hernani, Gipuzkoa, 1976) egungo egoeraren erradiografia politiko, sozial eta poetiko bat proposatzen du rr #5 marrak ikuskizunean. Horretan, batez ere hitza darabil kantuan, baina bideo irudi soil batzuk pantailaratzen ditu. Gaur Iruñeko Gazteluko plazako Laba elkartean aurkeztuko du, eta dagoeneko beste hiru emanaldi ditu hitzartuak: Larrabetzun, Zarautzen eta Gasteizen.
2018an gauzatu zuen lehendabizikoz erradiografia molde hau Lujanbiok, eta bost bat emanaldi egin zituen. Orduan Marrak deitu zuen. Horregatik gehitu du orain rr #5 izenburuan. Miren Artetxe bertsolariak eskaturik errekuperatu du saioa orain.
Maialen Lujanbiok berak atzo ikuskizunaren aurkezpenean azaldu zuenez, ikuskizunean “gure posizioak bereizten dituzten marrak dira ardatza, ebakiak edo prisma bereziak, bereizten eta taldekatzen edo partekatzen gaituzten lerro desberdinak, ikuspuntu ideologikoak edo gai desberdinei dagozkien lerroak”.
“Lehen dena zen gatazkaren araberako bi alde, eta gero hori nolabait zartatu egin da, eta mila prismata puskatu da, mila prisma daude inguruari begiratzeko eta posizionatzeko”, gaineratu du.