Joanes Aranguren (AZGM): “Antolakuntza oztopatzeko jarriko dituzte kamerak Alde Zaharrean”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 11a, 10:27

Gaur abiatuko da Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak antolatutako Gazte Astea, Iruñeko Udalak ezarri nahi dituen zaintza kameren aurkako kalejira eginen dute, larunbatean. 29 kamera gehiago izanen ditu auzoak, Sanferminak baino lehenago

Iruñeko Alde Zaharreko gazten ibilbideaz, auzoaren historiaz eta etorkizunaz hausnartzeko egitaraua prestatu du gazte mugimenduak. Joanes Arangurenekin mintzatu da Euskalerria Irratia. 

Zein da Gazte Astearen helburua?

Pandemia dela eta bi urte daramatzagu elkartu gabe, eta iruditu zaigu momentu ona zela bueltan elkartu eta  erreferentzialtasuna irabazteko ere gazte mugimenduaren partetik. Horretarako, iruditu zaigu egun tradizional bat baino interesgarriagoa zela aste bat antoaltzea. Normalean bestara bideratzen dira horrelako egunak, eta guk egitarau politiko eta kultural eskaini nahi dugu. Baita ere besterako aukera emanen duena, gazteriarekin bueltan konektatu ahal izateko.

Ekimen guzti horien artean, bideo zaintzen aurkako kalejira azpimarratu nahi izan duzue.

Iruñeko Udalak esan berri du auzoan 29 kamera berri jarriko dituztela. Hauetako bakoitzak 9000 euroko gastua izango du. Jada 106 kamera daude segurtasun eta trafiko kamerak kontuan hartuta. Kamera berri hauekin ia 128 izanen dira. Kontutan izanda Alde Zaharrean 11.500 biztanle garela, gutxi gorabehera 90 biztanleko kamera bat izanen dugu. Krisi testuinguruan antolakuntzak gora egin dezake, eta aurreko krisi garaian mozal legea jarri ziguten moduan, orain kamerekin datoz. Ikusten dugu beharrezkoa dela aurka larunbatean kalera ateratzea.

Nola eragiten dizue gazteei kameren presentziak?

Esperientziatik diogu, gure egunerokotasuneko gauzetarako ez dute balio kamerek. Bizikleta lapurtzen badizute, adibidez. Kamerei kasu egiten diete gu kaletik gabiltzanean propaganda politikoa jartzen edo gure egunerokotasuneko militante gauzak egiten. Gazte antolakuntza eta orokorrean antolakuntza oztopatzeko jarriko dituzte, eta  iruditzen zaigu gure auzo eredu idealean honek ez duela kabidarik.

Argazkia: AZGM

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!