Iruñeko Udalak 59 zaintza kamera gehiago ezarriko ditu. Dagoeneko 245 dauzka. Alde Zaharreko 22 kamerak eta Gaztelu Gibeleko zazpiak sanferminak baino lehen instalatuko dituzte. Bigarren fase batean, auzoetan beste 30 jarriko dituzte. Halaber, zenbait gunetan argiztapena hobetuko dute. Guztira 500.000 euro bideratuko dituzte egitasmo honetara, 300.000 kameretarako eta 200.000 argiztapenerako.
Segurtasun alorreko buru Patxi Fernandezen arabera, Gaztelu Gibeleko kamerak “gazteek botila festa egin ohi duten lekuetan” jarriko dituzte, beste bederatzi kamera “dantzalekuen inguruan”, eta gainontzekoak “aisialdiarekin loturiko guneetan”. Argiztapenari dagokionez, hobekuntzak eginen dituzte “inguru seguruak” sortzeko “batez ere emakumeentzat”, Takoneran, Gaztelu Gibelean eta Redin inguruan.
245 kamera
Iruñeko Udalak 2013an ekin zion kamerak ezartzeari. Horietatik 101 bat eraikinen zaintzarako dira. Beste 106 kalean daude, eta horietatik 45 Alde Zaharreko karriketan daude, eta gainontzekoak auzoetan. Horiez gain badira 70 trafiko kamera eta 36 segurtasunarekin loturikoak. Instalaturiko kamera guztiak Udaltzaingoko Koordinazio Operatibo Zentroarekin loturik daude.