Sarek mobilizazio berri bat aurkeztu du. Ekainaren 18an arratsaldeko 18:00etan Iruñean “Etxera bidea gertu” lelopean manifestazioa deitu du elkartasun plataformak "euskal presoei oraindik ezartzen zaien salbuespen neurrien salaketa egin eta elkarbizitza eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak" bildtzeko asmoz. Antoniutti-tik abiatuko da eta bertan parte hartzeko deia zabaldu diote nafar jendarteari.
Sareko Mikel Mundiñanorekin mintzatu da Euskalerria Irratia
Mundiñanok adierazi dutenez "azken bi urteak garrantzitsuak izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean" eta horregatik "salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela" iritzio dio.
Azken aldian presoen eskubideekiko emandako pausoen aurrean "kontrako jarrerak ere hauspotu" direla ohartarazi du kolektiboak eta nabarmendu badirela "oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak".
Hori guztia dela eta oztopoak "salatu" eta "kalera ateratzeko" beharra azpimarratu dute gaurko agerraldian. Euskal presoei ezartzen zaizkien ez ohiko neurrien artean zerrendatu dituzte "urrunketa, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpena", zein "hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoak".
Horregatik bat egin dute Etxeratek eginiko salaketarekin, ez baitute presoentzako "onurarik eskatzen" baizik eta "espetxeetako Legeak eta Araudiak jasotzen dituen eskubideez" ari direla nabarmendu dute.
Ekainaren 18ko protestaren harira ohartarazi dute Antoniuttiko hitzordua baino ordubete lehenago, hau da, 17.00etan lau zutabe aterako direla hiri erdigunerantz, Berriozarko Decathlonetik, Kordoba Txikiko poligonotik, Atarrabiatik eta Etxabakoitzetik.
Gainera ekainaren laurako elkartasun lasterketa deitu dute.