Iruñeko Baluartek astearte honetan jarriko ditu salgai Sanferminetan su artifizialak ikusteko sarrerak.
Txartelen salmenta 11:00etan hasiko da auditorioko leihatilan eta www.baluarte.com webgunean 22 euroko prezioan. 20 pertsonatik gorako taldeentzat txartelen prezioa 18 eurokoa izango da. Sarrera bakoitzak ardoa, garagardoa edo freskagarria eta pintxoa edo konbinatu bat kontsumitzeko aukera emanen du eta 14 urtetik beherakoak ezinen dira sartu.
Pandemiaren ondorioz jaiak ofizialki eten ondoren, Iruñeko auditoriumak eraikinaren hirugarren solairuan dagoen terraza irekiko du berriro, Iruñeko Gotorlekutik botatzen diren su artifizialak ikusteko. Terrazara 21:00etatik ikuskizun piroteknikoa amaitu arte sartu ahal izango da.