CGT, CNT, ESK, STEILAS eta Solidari sindikatuak batera aterako dira kalera maiatzaren 1ean

Euskalerria Irratia 2022ko api. 28a, 13:37

Artxiboko irudia

Deialdi bateratua egin dute igande eguerdirako, Baratxurien plazatik.

CGT, CNT, STEILAS, Solidari eta ESK sindikatuek deialdi bateratua egin dute maiatzaren lehenerako. Eguerdian aterako dira elkarrekin beraz igandean, Iruñeko Baratxurien plazatik, "prekarietatea eta pobreziaren kontra".

Batera igorritako agirian salatu dute agintariek erabaki dutela "COVIDa gripe bat dela eta langileen eskubideak bigarren mailakoak", eta sistema kapitalista "kriminal"-aren kontra egin dute, "haren logika" delako "heriotzarena, gerrarena eta interes ekonomikoena" eta langileek aldiz ondorioak "ordaintzen" dituztelako.

Kritikatu dute "lan-harremanen ereduetan" islatzen dela prekarietatea, eta honek "emakume aurpegia" duela, besteak beste "errealitate bat delako pobreziaren feminizazioa". Zehaztu dute gainera, emakumeekin batera gazte eta migranteak direla "prekarizazioak eta pobreziak" kaltetuenak.

Sistema publikoaren pribatizazioa eta Ukrainako gatazkak eragindako prezio eta lehengaien garestitzea salatuta, bost sindikatuek ohartarazi dute "batzuk beste alde batera begiratzen duten bitartean, faxismoak, bere gezur eta oportunismoarekin, aurrera eta aurrera" egiten ari dela.

Ez dute ahaztu krisi energetiko eta ekologikoa, eta zentzu honetan "eraldaketa produktibo bat" aldarrikatu dute, "non pertsonen beharrak eta ongizatea erdigunean izango diren". Horrekin batera ekonomiaren "kontrol demokratikoa" eskatu dute. 

Lanaren prekarizazioari dagokionez, azpimarratu dute, Nafarroa lan-istripu kopuruan hirugarren erkidegoa dela Estatu mailan. 

Hori guztia dela eta, eta "etxeko langileentzat" gainontzeko langileei aitortzen zaizkien eskubideak aldarrikatuta, aterako dira kalera igandean CGT, CNT, STEILAS, Solidari eta ESK sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!