Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) Emiliana de Zubeldia konpositore nafarraren pianorako 2. kontzertuaren bertsio berria estreinatuko du gaur, “nortasun nafar nabarmena” izanen duen abonamenduko kontzertu batean; izan ere, Zubeldiaren obra ez ezik, Jesus Etxeberria musikari erriberriarraren Arravan, orkestrarako fantasia joko dute.
NOSek jakinarazi duenez, Jorge Robaina Granadako piano-jotzailea eta Leticia Varela musikologo mexikarra dira Emiliana de Zubeldía (1888-1987) konpositorearen orkestrarako 2. kontzertuaren edizio "kritikoaren" arduradunak. Robainak berak parte hartuko du gaurko estreinaldian. Horrekin batera, Jesus Etxeberriaren Arravan eta Johannes Brahmsen 1 zenbakidun sinfonia joko dute. Gaurkoa NOSren denboraldiko abonamenduko 10. Kontzertua da.