Sanferminetan Labriten karpak jartzea debekatu du udalak

Euskalerria Irratia 2022ko api. 27a, 07:32

Navarra Sumaren arabera, inguruan zarata eta ordenu publiko arazo handiak izaten ziren 

Labrit aldapako tabernek ezinen dute karparik muntatu Sanferminetan, azken 32 urteotan lehendabizikoz. Herritarren Segurtasun zinegotzi Javier Labairuk azaldu duenez, auzokoek urtero salaketak aurkezten zituzten, zarataren eta ordenu publiko arazoen kontura, eta horren poderioz hartu dute erabakia.

PSNko zinegotzi Xabier Sagardoik udalak Labrit inguruko ostalariekin izandako bileraz galdetu zuen atzo. “Bileran ostalariei azaldu zitzaien karpak gatazka bat zirela auzokoen zein ordenu publikoaren ikuspegitik, urtero salaketa kopuru garrantzitsu bat izaten baitzen”, azaldu zuen Labairuk.

Erabakia kolpe larritzat hartu dute aldapan karpak jartzen zituzten tabernetako nagusiek: Kayak, Kabiya, Kato’s, Cavas, Erronkari, Txirrintxa eta Labriteko Bocateria. Azaldu dutenez, ostatu bakoitzak urtero 15.000 euro jartzen zituen inguruak behar bezalako segurtasun neurriak bete zitzan, eta 35.000 euro ordaintzen zituzten zergetan eremu publikoaren okupazioarengatik. Ostalarion aburuz, erabakia “bidegabea” da, Diario de Noticias egunkariak gaur argitaratu duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!